Larrialdi kimikoetarako sirenak probatzeko ariketak: Euskadin, 2026ko maiatzean
Larrialdi kimikoetarako sirenak probatzeko ariketak (datak eta ordutegiak)
Sirenen aktibazio-probak honako udalerri, egun eta ordu hauetan egingo dira:
- Maiatzaren 22an: Hernani, 10:00etan
- Maiatzaren 25ean:
Muskiz (Abanto-Zierbena): 10:00etan
Santurtzi: 11:00etan
Punta Lucero (Zierbena): 11:30ean
- Maiatzaren 26an: Lantaron, 11:00etan

SEVESO araudia eta segurtasun kimikoa
SEVESO segurtasun-araudiaren mende dauden Euskadiko enpresa kimikoek Kanpoko Larrialdi Plana dute. Plan hori Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak prestatzen du, ezusteko edo larrialdiren bat gertatuz gero, erantzuna berehalakoa eta koordinatua izango dela bermatzeko eta herritarrek zehatz-mehatz jakin dezaten zer egin behar duten arriskuak murrizteko.
Funtsezkoa da informazio hori gizarteratzea. Horregatik, jarduera-protokoloak eta oinarrizko segurtasun-aholkuak une oro daude eskuragarri Seguridad Kimika webgunean.
Larrialdi kimikoetako sirenak probatzeko ariketak: Ez da benetako larrialdia, ezta simulakroa ere
Sirenen aktibazio-proba edo segurtasun-egiaztapen hauen helburu bakarra gailuek ondo funtzionatzen dutela bermatzea da, balizko larrialdi kimiko bat gertatuz gero prest egoteko.
- Hori dela eta, garrantzitsua da argitzea ez garela benetako larrialdi batez ari. Hots, herritarrek ez dute zertan kezkatu sirenak entzutean.
- Era berean, ariketa hauek ez dira simulakroak. Simulakroak balizko larrialdi baten aurrean nola jokatu trebatzeko ariketa praktikoak izaten dira; gainera, horietan kanpoko beste eragile batzuek ere esku hartzen dute (besteak beste, SOS Deiak, larrialdi-zerbitzuek eta poliziak).
Larrialdi kimikoetarako sirenak probatzeko ariketak: alerta-sirenen soinua ezagutzea
Ba al dakizu alertaren hasierako eta amaierako soinuak bereizten? Balizko larrialdi kimikoren bat gertatuz gero, alerta-sirenek bi soinu mota igortzen dituzte: bata alerta bera iragartzeko, eta bestea alerta amaitu dela ohartarazteko:
- Alerta-soinua (hasierakoa): Minutu bateko hiru seinale igortzen dira, eta horien artean bost segundoko isiluneak izaten dira.
- Alerta-bukaeraren abisua: 30 segundoko seinale jarraitua izaten da. Horrek arriskua igaro dela esan nahi du.
Noiz aktibatzen dira alerta-sirenak?
Larrialdi kimikoetan, batez ere kanpoaldean eragina izan dezaketen ihes toxikoak gertatzen direnean aktibatzen dira sirenak. Hau da, gailu horiek pizten dira herritarrentzat berehalako arrisku larria egon daitekeenean eta autobabes-neurriak hartu behar direnean (esaterako, eraikin baten barruan konfinatzea).
Euskadin alerta-sirenak dituzten udalerriak: Hernani, Muskiz (Abanto-Zierbena), Santurtzi, Zierbena eta Lantaron
Nola ematen da abisua larrialdi kimikoren bat gertatuz gero? Udalerri guztiek ez daukate abisu akustikoko sistemarik edo alerta-sirenarik, eta dituztenek ere ez dute beti sistema bera erabiltzen. Euskadin, udalerri hauek baino ez dituzte herritarrei ohartarazteko halako sistemak: Hernani, Muskiz (Abanto-Zierbena), Santurtzi, Zierbena eta Lantaron.
Kanpoko Larrialdietarako Planek herritarrei ohartarazteko mekanismoak jasotzen dituzte; hala nola, sirenen bidezko abisu akustikoak eta bestelako alerta-sistemak. Era berean, larrialdiaren berri hainbat bidetatik ematen zaie herritarrei: kaltetutako udaletan, Seguridad KIMIKA proiektuaren webgunean eta SOS Deiak-en 112 telefonoan; horretarako, komunikabide tradizionalen laguntza ere izaten da.
Bestalde, sirenak aktibatzearekin batera, SOS Deiak-en 112 aplikazioa ere martxan jartzen da. Aplikazio horrek autobabes-mezu bat bidaltzen die gailuan instalatuta duten pertsona guztiei, baldin eta geolokalizazioa aktibatuta badute eta larrialdiaren eragin-eremuan badaude.