Espainako industria kimikoak, lan istripu-tasa txikiena dauka FEIQUEren txostenaren arabera.
Industria kimikoaz hitz egitean, askotan instalazio konplexuak, substantzia arriskutsuak edo prozesu tekniko zorrotzak etortzen zaizkigu burura. Hala ere, datuek erakusten dute errealitatea bestelakoa dela.
Espainiako Industria Kimikoaren Enpresa Federazioak (FEIQUE) argitaratutako 2025eko Lan Istripuen Txostenaren arabera, industria kimikoak Espainiako industriako lan-segurtasunaren adierazlerik onenetakoak ditu, eta haren istripu-tasak sektore industrialaren batez bestekoaren oso azpitik daude.
Ez da urte jakin bateko emaitza isolatua. Aitzitik, azken urteetan mantendu den joera berresten du txostenak, eta agerian uzten du prebentzioa, prestakuntza eta etengabeko hobekuntza industria kimikoaren estrategiaren funtsezko elementuak direla.

Industriaren batez bestekoa baino istripu-tasa askoz txikiagoa
Txostenaren adierazle nagusietako bat Intzidentzia Indizea da. Adierazle horrek mila langileko baja eragiten duten lan-istripuak neurtzen ditu, eta sektore ekonomikoen arteko konparazioak egiteko aukera ematen du.
2025ean, industria kimikoak 9,34ko Intzidentzia Indizea erregistratu zuen. Kopuru hori Estatuko batez bestekoaren (22,23) eta industriaren batez bestekoaren (46,62) oso azpitik dago, baita eraikuntza-sektoreko datuetatik (69,39) ere urrun.
Horrek esan nahi du industria kimikoaren istripu-intzidentzia industriaren batez bestekoa baino bost aldiz txikiagoa dela gutxi gorabehera. Horrenbestez, sektorea berriz ere lan-segurtasunaren arloan emaitzarik onenak dituen jarduera ekonomikoen artean kokatzen da.
Txostenak beste bi adierazle garrantzitsu ere jasotzen ditu:
- Maiztasun Indizea: 5,75ekoa izan zen. Adierazle horrek istripu-kopurua egindako lan-orduekin erlazionatzen du.
- Larritasun Indizea: 0,27koa izan zen. Adierazle horrek istripuen ondorioz galdutako lanaldiak neurtzen ditu.
Bi datuek erakusten dute istripuak gutxitan gertatzen direla eta, gertatzen direnean ere, ondorioak oro har ez direla larriak.
Arriskua ez dago desagerrarazita, kudeatuta baizik
Emaitza horiek are nabarmenagoak dira industria kimikoaren jarduera kontuan hartzen bada. Izan ere, segurtasunaren ikuspegitik eskakizun tekniko handienak dituzten industria-sektoreetako bat da.
Horregatik da prebentzioa eguneroko jardueraren parte. Arriskuen identifikazioa eta ebaluazioa, instalazioen diseinu segurua, langileen etengabeko prestakuntza, prebentziozko mantentzea, gertakarien ikerketa eta Responsible Care bezalako programen ezarpena dira emaitza horien oinarrietako batzuk.
Datu horiek ez dute adierazten arriskurik ez dagoenik; erakusten dutena da arrisku horiek modu sistematikoan kudeatzen direla eta prebentzio-sistemak etengabe hobetzen direla.
Istripu ohikoenak ez dira gehienek imajinatzen dituztenak
Txostenak industria kimikoari lotuta egon ohi diren hainbat estereotipo ere gezurtatzen ditu.
Askok uste dute istripu gehienak produktu kimikoekin edo prozesu industrial konplexuekin lotuta daudela. FEIQUEren arabera, ordea, agente kimikoen esposizioarekin zuzenean lotutako istripuak ez dira sektoreko istripu-arrazoi nagusien artean agertzen.
Istripu gehienak eguneroko lan-jarduerekin lotuta daude. Izan ere, istripuen %83 ohiko lantokian gertatzen dira, eta ia erdiak ekoizpen-, eraldaketa- edo tratamendu-lanetan.
Istripua gertatzen den unean langileek gehien egiten dituzten jarduerak honako hauek dira:
- Instalazioetan barrena ibiltzea, igotzea edo jaistea.
- Objektuak manipulatzea.
- Makineria elikatzea edo kargatzea.
Bestalde, lesioen arrazoi ohikoenak hauek dira:
- Gehiegizko esfortzu fisikoak eta muskulu-eskeleto sistemako lesioak.
- Irristadak eta maila bereko erorketak.
- Koordinaziorik gabeko mugimenduak.
- Objektuen aurkako kolpeak.
Horrek erakusten du industria kimikoko istripurik ohikoenek antz handiagoa dutela beste edozein industria-ingurunetan gertatzen direnekin, sektoreari lotu ohi zaizkion arrisku handiko egoerekin baino.
Prebentzio-kultura sendo baten emaitza
FEIQUEren 2025eko Lan Istripuen Txostenaren ondorio nagusietako bat da emaitza horiek ez direla kasualitatearen ondorio.
Hamarkadetan zehar prebentzioan, prestakuntzan eta segurtasunaren kudeaketan egindako inbertsioaren emaitza dira. Industria kimikoan, segurtasuna eta lan-osasuna dagoeneko ez dira lege-betebehar hutsak; lehiakortasunaren eta kudeaketa onaren parte dira.
Adierazleen bilakaerak erakusten du jarduera baten konplexutasun teknikoak ez duela bere segurtasun-maila baldintzatzen. Aitzitik, arriskuak identifikatzeko, kudeatzeko eta etengabe hobetzeko gaitasunak egiten du aldea.
Azken finean, industria kimikoak erakusten du prebentzioan, prestakuntzan eta planifikazioan oinarritutako kudeaketa zorrotz batek lan-istriputasuna nabarmen murriztu dezakeela.
Eta prebentzioaren arloan, lortutako emaitza on bakoitzak helburu berera hurbiltzen du sektorea:
lan-istripurik ez gertatzea.